Eibarrek maiatzean ezarriko ditu txipdun edukiontziak materia organikoaren gaikako bilketa indartzeko

2014ko maiatzaren 14a

Mankomunitatearen kanpainak biztanleriaren %95ek baino gehiagok parte hartzea lortu du, gaikako bilketaren tasa %40 ingurukoa izanik

Debabarreneko mankomunitateak aurreikusita dauka maiatzaren 16tik 18ra bitartean materia organikoaren gaikako bilketarako txipdun edukiontzi berriak ezartzea Eibarren. Sistema berriak edukiontzia giltza bidez ireki ordez txartel pertsonalizatuaren bidez irekiko du, txartela sarrailaren ondoan dagoen itsasgarriari hurbilduta hain zuzen. Egintza hori edukiontziari erantsitako txiparen bidez erregistratuko da, eta horrela, mankomunitatean herritarren benetako parte-hartzeari buruzko datuak izango dituzte. Informazio hori prozesatu egingo da, hain zuzen ere materia organikoaren gaikako bilketan benetan parte hartzen duten pertsonei tasak ez igotzeko.

Mankomunitatearen Eibarko kanpaina 10.000 gutun eta horiei dagozkien txartel pertsonalizatuak bidaliz hasi da eta gaurtik - maiatzaren 9tik - maiatzaren 16ra bitartean izena emandako herritarrak beren etxeetan jasotzen hasiko dira. Bidalketan azalpen-liburuxka bat ere erantsiko da. Maiatzaren 16tik aurrera 93 txipdun edukiontzi berri ezartzen hasiko dira giltzarekin irekitzen ziren aurreko edukiontzien ordez. Eibarko erdialdean hasiko da banaketa maiatzaren 16an, ondoren Urkizun 19an, Txantxa Zelain eta Txontan 20an, Ipuruan 21ean, Jardinetan eta Barrenan 22an, Amañan (Tiburzio Anituako eremuan) 23an, Urkin 2014/05/26an, Legarren eta Amañan 27an eta bukatzeko, Isasi kalean eta Azitaingo eremuan 28an. Hiri-morfologiari eta bide publikoko espazio erabilgarriari egokitzeko 23 edukiontzi txikiagoak izango dira (1.000 litroko edukiera) eta gainerako 70 edukiontzik tamaina estandarra izango dute (2.200 litroko edukiera). Zehaztutako lan-planean aurreikusi da edukiontzi berri guztiak maiatzaren 28rako jartzea eta herritarrek berehala erabiltzen hasteko aukera izatea. Hilaren 12tik aurrera, mankomunitateak herritarren eskura jarriko du 900 10 32 26 doako telefono-zenbakia informazioa emateko eta kontsultak egiteko.

Eibarrek gaikako bilketaren %40 inguru lortu du

Eibarko herritarrei zuzendutako gaikako bilketan parte hartzea sustatzeko kanpainak oso emaitza positiboak izan ditu; kanpaina abenduan hasi zen, hain zuzen ere horretan beren borondatez izena emandako guztiei tasak ez igotzeko neurriarekin. Gaur egun, 10.000 familia baino gehiagok eman dute izena eta dagozkien ontziak eta poltsa biodegradagarriak jaso dituzte. Parte-hartzearen maila hori eragin handia izaten ari da gaikako bilketaren datuetan; izan ere, 2013an lortutako ehunekoa (%29,84) portzentajezko hamar puntutan gainditu da 2014ko urtarriletik (%33ko igoera), joera hori sendotu egin baita urteko lehen hiru hilabeteetan, % 39tik gorakoa izanik.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek honako hau adierazi du: "armagin-hiriak eman duen aurrerapausoa oso garrantzitsua da eta frogatu du borondatezko sistema batekin herritarren parte-hartzea lor daitekeela, betiere modu egokian eta gardentasunez informatzen bazaie". Era berean, edukiontzi berriak ezartzea bilketan eta birziklapenean aurrera egiteko bidean urrats bat gehiago dela nabarmendu zuen.

Bestalde, mankomunitatearen presidente Arcadio Benítezek azpimarratu du txartel bidez irekitzen diren edukiontziak ezartzeak herritarrak bilketan inplikatzea indartuko duela. "Parte-hartzeari zentzu handiagoa hartuko diogu, norberaren izena daraman eta norberaren erabilpen-datuak jasotzea ahalbidetzen duen txartela erabiliz. Emaitza gure esku dagoela azpimarratzeko modu bat da". Ildo horretan adierazi du mankomunitatea sustatzen ari den jardun multzoak datuak asko hobetzea eragin duela: "Gure aurreikuspenak dira 2014. urtean gaikako bilketaren % 40 gainditzea eta 2016rako % 60ko helburuari oinarri errealistekin heltzea".


Puntu morea