Debabarreneko Mankomunitateak Garbigune berri bat irekidu du, gaikako bilketarako azpiegiturak sendotzeko

2014ko apirilaren 21a

Instalazio berria Eibarren egongo da, Azitain industrialdean, eta otsailaren 27an jarriko da martxan

Debabarreneko Mankomunitateak, gaikako bilketarako azpiegiturak sendotu nahian, garbigune berri bat irekiko du Eibarko Azitain industrialdean, datorren otsailaren 27tik aurrera. Instalazio berriak 852.000 €-ko inbertsioa eskatu du (345.000 € lehen fasean, 2012an, eta 507.000 € bigarren fasean, 2013an), 2.000 m2-ko azalera dauka, eta mankomunitateak kudeatutako sarea osatuko du. Sare horrek lau kokaleku izango ditu hemendik aurrera: Eibar, Elgoibar, Ermua-Mallabia eta Deba-Mutriku. Mankomunitateko partikularrak, igeltserotzako gremioak eta pneumatiko-ekoizleak ditu jomugan zerbitzuak, eta doakoa izango da.

Garbigune berriak birziklatzea bultzatuko du. Izan ere, hondakin batzuk, beren tamaina edo izaerarengatik, ez dira egokiak bide publikoan kokatutako edukiontzietan biltzeko, eta garbigunean hondakin horiek gaika biltzeko aukera izango da. Besteak beste, honako hondakin hauek eraman daitezke garbigunera: etxean egindako obra txikietako hondakinak, plastiko birziklagarriak, beira laua, kartoizko enbalajeak, tamaina handiko gauzak, inausketa eta lorezaintzako hondarrak, pneumatikoak (hagunik gabe), plastiko birziklagarriak, aparatu elektriko eta elektronikoak eta abar. Etxeko hondakin berezietarako gune bat ere gordeko da: telebistak, auto-bateriak, olioa, fluoreszenteak, tinta-tonerrak eta kartutxoak, pilak, pintura eta abar.

Herritar partikularrak dira zerbitzuaren jomuga nagusia, eta, horregatik, astean gehienez 2 m3 eta 250 kg hondakin utz daitezke bertan, obra-hondakinetan izan ezik (azken kasu horretan, astean 500 kg uzteko aukera izango da). 3.500 kg-tik beherako baimendutako gehieneko pisua duten ibilgailuei bakarrik emango zaie deskargatzeko baimena.

Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara emango da zerbitzua, eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.


Puntu morea