Kale garbiketa
Zerbitzu hau emateko egiten diren lanak operazio mota hauetan sailka ditzakegu:
- Espaloiak eskuz ekortzea
- Espaloiak mekanikoki ekortzea
- Galtzadak urez garbitzea
- Galtzadak makinaz urez garbitzea
- Eskuz urez garbitzea
- Kamioi xurgatzailea
- Aire zorrotadaren bidezko ekorketa
- Espaloi-garbitzailea
- Azoka ibiltarien garbiketa
- Garbiketa bereziak, jaien, azoken eta oro har jendaurreko ekitaldien ondorioz
Espaloiak eskuz ekortzea

- Espaloiak, zintarriak eta galtzadak modu xehean garbitzeko
- Txorkoak garbitzeko
- Paperontziak husteko
- Animalien gorozkiak jasotzeko
- Arraste lurrak kentzeko
- Belarrak kentzeko
Udalerrietako periferian erabiltzen den metodoa, makinak ezin direnean sartu eta zikinkeria maila oso handia denean.
Espaloiak mekanikoki ekortzea
Makina ekortzaile autopropultsatua, gidariarentzat kabina daukana, erabiltzen da. Galtzada-zati batzuetan (aparkalekurik ez daukaten espaloien zintarrietatik hurbil daudenak) eta makina igarotzeko zabalera nahikoa daukaten espaloietan lan egiten du.
Batez ere eremu hauetan jarduten du:
- Oinezkoen trafiko handia daukaten espaloi eta pasabide zabaletan.
- Aparkalekurik ez daukaten galtzadetan.
- Oinezkoen aldeetan.
- Eskuzko ekorketaren lagungarri, lan egin ezin duen zonetan. Horretarako, bi peoiren laguntza jasotzen du, bildu beharreko hondakinak txokoetatik makina dabilen galtzadaren erdira ateratzen dituztenak.
Galtzadak urez garbitzea
Urez garbitzeko kamioia erabiltzen da, 8.000 litroko edukia daukana, eskuzko ekorketarekin konbinatuta, helburu hauekin:
- Ekorketaz jaso ezin daitezkeen hondakinak zintarrira bultzatzea.
- Galtzadak sakon garbitzea.
Galtzadak makinaz urez garbitzea
Galtzadara ura botatzen da, presio handiz, zintarrien inguruan. Horrela, hondakinak arrastaka eramaten dira, eta gero ekorketaz jasotzen dira.
Espaloiak ere presio handiz garbitzen dira. Honela, zorua oso ondo garbitzen da, baina geldiro.
Lan hauek honako lekuetan egin ohi dira:
- Pertsonen nahiz ibilgailuen trafiko handia dagoen zonetan
- Parke publikoetan
- Espaloietan eta obretatik hurbil dauden galtzadetan
- Ibilgailuentzat aparkalekuak dauzkaten kaleetan
Lan hauek egiteko, gidaria eta peoi laguntzaile behar dira.
Eskuz urez garbitzea
Ura presioz botatzen da mahukekin, eta urak eramaten dituen hondakinak eskuzko ekorketaren bidez biltzen dira.
Lan hauek ondoko lekuetan egiten dira:
- Ur-hartuneak dauden lekuetan.
- Aparkaleku finkoak dituzten kaleetan eta tratamendu mekanikoa onartzen ez duten espaloietan.
- Hiri altzarien dentsitate handia duten oinezkoen aldeetan.
- Eta garbiketa maila handia behar duten erdialdeko guneetan.
Lan prozesua honetan datza: mahukatik ura botatzen da hondakinak bultzatzeko, eta gero jaso egiten dira, zintarrien ondoan.
Kamioi xurgatzailea
Estolda-zuloen garbiketa eta estolden mantentzea kamioi xurgatzailearen bidez egiten dira. Kamioi-zisterna bat da, bi beharginek erabiltzen dutena. Ponpa depresore eta presio-sortzaileak ditu; beste elementu batzuekin batera (batez ere buru ezberdinak dituzten mahukak) 9,8 metroko hutsunea sor dezakete. Egiten den presioari esker likidoak absorbitu ahal ditu eta ura presio handiz bultzatu ahal du, hustubideko tutueriak buxatzen dituzten zikinkeria-hormak apurtuz.
Putzu septikoak husten ditu, kanalizazioetatik euri-urak eta ur beltzak garbitzen ditu, eta estolda-zuloak garbitzen ditu.
Aire zorrotadaren bidezko ekorketa
Iristea zaila den lekuetan (autoen ezpain, txorkoetan, bankuen azpian eta abar) dauden hondakinak ateratzeko erabiltzen den metodoa da.
Prozesua eraginkorra da baina zarata gehiegi ateratzen du. Hondakinak palaz edo erratzaz edo makina xurgatzaile baten bidez jasotzen dira.
Espaloi-garbitzailea
Parkeak eta espaloi zabalak egunero urez garbitzeko, presiodun uraz espaloietan garbitzeko eta eskuzko ekorketan laguntzeko.
Azoka ibiltarien garbiketa
Zerbitzu honen helburua azoka ibiltarietarako erabiltzen diren lekuak ekortzea eta garbitzea da.
Lantalde bat dago azoka hauek sortzen dituzten hondakinak biltzeko. Lantaldea gidari batek eta atzetik kargatzen den kamioi batek osatzen dute. Azoka garbitzen duten beharginek laguntzen diete.
Garbiketa honek sortzen dituen hondakinak instalazio berberetan dauden edukiontzietan utziko dira. Lan hauek egiteko behar diren tresnak eta material osagarri guztiak edukiko dituzte.
Garbiketa bereziak, jaien, azoken eta oro har jendaurreko ekitaldien ondorioz
Zerbitzu honen bidez, arrazoi ezberdinak direla medio (behean aipatzen dira) normalean sortu ohi dena baino zikinkeria handiagoa duten zonak garbitzen dira:
- Manifestazioak edo kalean egiten diren ekitaldiak
- Hauteskunde kanpainak
- Azokak, kontzentrazio herritarrak, kirol ekitaldiak eta abar
- Bestelako gertaerak
Ekitaldi hauen ondoren garbiketa egiteko, behar diren bitarteko materialak eta langileak egon behar dira. Horrela, ekitaldia amaitu ondoren, garbiketa lanei ekingo zaie.
Bitarteko horiek lana berme guztiekin egiteko egokitzat jotzen direnak dira. Izan ere, ekitaldi edo azoka bakoitzerako, berritarren pilaketei eta hondakinen sorrerei buruzko azterlan xeheetan oinarritzen dira.

